XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurreko ikasgaian, estetika, edertasunari eta arteari buruzko gogoetaz arduratzen den Filosofiaren adarra dela ikusi dugu. Edertasuna Naturako objektuetan aurki dezakegu, artearen munduan eta, berez, esperientzia artistiko ez diren giza egintzetan.

Gizakiaren ezaugarria da bere bizialdian zehar atsegin emango dioten esperientzia desberdinak bilatzea. Estetika zientzien, arteen, kirolen eta abarren alorrean ibil daiteke, beraz. Gizakiak aurrez aurre artea aurkitzen duenean, esperientzia artistikoaz gozatu egiten duela esaten dugu.

Hala ere, gozatzeko prestatuta egon behar da; arteak eta letrak menperatuko dituen adimena behar baita. Koadro bat ikusita gozatzeko begiratzen jakin behar da eta, horretarako, nahitaez, aurrez esperientzia estetikoak izan behar dira.

1. Gizakia esperientzia estetikoaren aurrean

Pertsonek esperientzia estetikoaren aurrean hiru jarrera desberdin izaten dituzte:

a/ Begiratzeko jarrera: Jarrera estetiko ideala da. Gizakiak, interesik gabe, objektu artistikoari begiratzen dio. Egiazko esperientzia artistikoan subjektuak begiratzeko egintza desitxura dezaketen elementu material eta interesatuak alde batera utzi behar ditu. Hala ere, onartu beharra dago esperientzia estetiko hutsa ideala eta utopikoa ere badela. Zalantzarik gabe, esperientzia estetikoan eta edertasunari buruzko judizioan interesik gabe begiratzearen egintzarekin zerikusirik ez duten elementuen eragina dago. Dena den, elementu horiek ezkutatzen diren neurrian gure judizioa bilatzen den idealera gero eta gehiago hurbilduko da.

b/ Sortzeko jarrera: Gizakia ezagutzako edozein alderditan (zientzia, letra edo arteetan), gauza handiak sortzeko, bere irudimena eta arrazoimena erabiltzeko gauza da. Arte, zientzia eta letretako sorkuntza guztiek subjektu komuna dute: gizakia. Inguratzen gaituen errealitatea, pinturen, ekuazioen edo poemen bidez objektiba daiteke. Beren jatorrian denek dituzte oso antzeko adimen-prozesuak.

Zientziak eta arteak jatorri eta helburu bera dute. Hala ere, beren eduki eta metodologian bereizten dira. Bietan, dela artelanetan, dela teoria zientifikoetan, errealitatea eredu jakin batzuen bidez atxiki eta interpretatzen da eta giza arrazoimena da horiek sortzen dituena. Jatorria, beraz, bera da bi kasuetan. Helburua lortzen diren emaitzak komunikatzea da, eta biak komunikatu egiten dira, adierazteko erak eta lengoaia desberdinak badira ere.

c/ Jarrera kritikoa: Estetika Filosofiako diziplina gisa hartuta filosofoek eta arte-kritikariek duten jarrera da. Helburua gizakiak begiratzeko eta sortzeko duen ahalmenaz gogoeta egitea da.